XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskola nazionala, abertzaleon helburu.

Abertzaleon jomuga gure nazioa eratu eta finkatzea dugu.

Horrek definitzen gaitu eta horixe bilakatzen zaigu gure eguneroko ametsa eta eginbehar.

Zer esanik ez gure naziotasuna ez zaigula esparro edo alor konkretu batera mugatzen.

Konzeptu honek, herriaren bizitza, bere zabaltasun eta osotasunean hartzen baitugu.

Gure ekonomia eta harreman sozio-laboralak, gure hezkuntza eta kultur bideak, gure soberanotasun eta beste herriekiko harreman politikoak,... hots, pertsona eta giza taldearen bizitza osoa globalizatzen digu.

Abertzaleontzat, Naziotasuna, gure nortasunarekin loturik eta uztarturik jartzen badugu, jakina da eskolak eta irakaskuntza sistemak, hortan betetzen duen papera edo funzioa, izugarri garrantziskoa dela.

Euskararik gabeko Nazio proiektua pentsa ezina izanik, gure izakera eta pentsakera propioa geroaren oinarri eta zutabe direlarik, eskolaren garrantzia eta betebeharra begi bistan gelditzen zaigu.

Nabari eta agirian dugu.

Hau da, eskola propiorik gabe gure herrigintza kolokan dago.

Ez da posible Herri hau bere buruaren jabe izatea eskola propioa eta berezia eraikitzea lortzen ez duen bitartean.

Gure Eskola Nazionala.

Munduko nazio askatu guztiek eraiki eta gauzatu dute beraien eskola.

Herriaren hizkuntza, izakera, ohiturak eta sena jasoaz, txiki txikitatik haurrengan hazia ereitzen saiatzen den eskola.

Beraien herria ezagutzen eta maitatzen erakusten duena.

Eta Euskalherri salbuespena izanen al da?.

Posible ote, eskola kontuan izan gabe, abertzaleok Nazio proiektoa burutu eta garatzea?.

Herrigintzan eta irakaskuntza loturik eta uztarturik aurkitzen zaizkigu.

Harreman hertsi eta elkarrarekiko menpekotasun osoaz.

Eskola, gizartearen ispilu eta ondorio bilakatzen zaigu, alderantziz ere berdin gertatzen delarik.

Alegia, gizartea ere, hein garrantzitsu batean, gure gaurko eskola irakaskuntzaren adierazgarri bilakatzen baita.

Euskal Nazioa eraiki eta eratzeari uko egin dioten alderdi eta kideek ez dute maite Euskal Eskola Nazionalatza hitzegitea.

Ez dute gogoko proiektu hori aipatzea.

Ez dute entzun ere nahi.

Eta ez da harritzekoa.

Guztiz koerentea da.

Harritzekoa, alderantzizko jokaera litzateke.

Alegia, Nazio proiektuari uko egitea eta hala ere Eskola Nazionala defenditzea.

Eta abertzaleok zer?.

Nazio proiektua finkatu eta sendotu nahi dugunok, aldarrikatzen al dugu Eskola Nazionalaren beharrizana eta ezinbestekotasuna?.

Hildo hontatik, pauso nabarmenak ematen hasiak gaituzue.

Izan ere, azken urteotan bakar batzuen oihua izan den erreibindikapen hau, oihartzun zabala eduki dezakeen deiadarra bilakatzen ari baitzaigu.

Orain arte, abstraktuegi eta agian ulergaitz gertatzen zitzaigun slogana, azken boladan zabaltzen hasia dugu, euskaldun eta abertzaleon xedea eta jomuga garbia bilakatzen ari zaigularik.

Zentzu honetan, urrats positiboa eman da, datorren 19rako Ikastoletako Federazioek egin duten deialdia plazaratzerakoan.

Federazioek, aspaldiko urteetako partez, borroka bideari heldu diote eta gainera Eskola Nazionalaren beharrizana oihukatu eta esijituz.

Zer esan nahi du Eskola Nazionala aldarrikatzeak?.

Batzuentzat, agian konzeptu teorikoa izanen da.

Besteentzat, lortu ezineko amets utopikoa.

Abertzaleontzat berriz gure Nazio proiektuaren zutabe eta ardatz garrantzietariko bat.

Edozein abertzaleontzat ulertzeko erreza.

Zer esan nahi dugun.

Besteak beste, eta oso labur esanik, Eskola Nazionala aipatzen dugunean hauxe adierazi nahi dugu:.

- Euskalherri osora hedatutakoa.

Ez Nafarroa eta Baskongadeetara mugatutakoa.

Hasteko Hegoaldeko lau herrialdeetara zabaldu eta urrengo fasian, Iparraldea ere barne duen eskola.

- Euskalduna.

Ez elebiduna, irakaskuntza osoa euskaraz eskeintzen duena baizik.

Euskaraz eta euskal kulturan errotua.

Herriaren nortasuna garatu eta sendotzen duena.

- Plangintza nazionalean oinarritua.

Gure eskolaren eduki eta metodologia, Euskalherriko agintarien esku.

Madril edo Pariseko morrontzatik aske, hezkuntza proiektu propioa eratu eta gauzatzeko gaitasuna duena.

- Langilego propio eta autonomoa: Euskal Gobernu bakarraren gidaritzapean egonik, kanpoko legearekiko dependentziarik ez duena.

- Hezketa zientifikoa eskeintzen duena.

Memorizazio eta errepikapen hutsean finkatzen diren metodoak gaindituz, ikerkuntza bultzatzen duena.

Kalitatezkoa.

- Herritarra.

Bere inguruan txertatua.

Auzo eta herri langilearekiko solidaritatea pizten duena.

Bere barne bizitzan partaidetzarako zabalik.

Guraso, irakasle eta ikasleen partaidetza ireki eta dinamikoan oinarritua.

Zer nolako baldintzak?.

Eskola Nazionalataz mintzatzen garenean, batzuen ez sinisgarritasun nabaria izaten da.

Beraien iritziz, ez da posible; ezina da; horrelako planteaketak plazaratzea ciencia ficción egitea da.

Egia esan, ez naute batere harritzen.

Gaurko sasi-instituzioetan finkatuz eta Madrilarekiko menpekotasuna eta morrointza onartuz gero, ondorio normala da Euskal Nazio eraikuntzan ez sinistea.

Eta beraz, Eskola Nazionala ezineko helburutzat edukitzea.

Aldarrikatzen eta esijitzen dugun Eskola Nazional hori, gogoz eta koerentzi osoz erreibindikatzeak beste aldaketa batzuek lortzea dakarkigu.

Eskola Nazional hori posible izateko, beste instituzio politiko batzuek berreskuratu behar ditugu.

Gure eskola propio eta soberanoa eraikitzeko, ezinbesteko bilakatzen zaizkigu konpetentzi eta ahalmen politikoak eskuratzea.

Beraz, Eskola Nazionala eta KAS alternatiba edo marko juridikoaren aldaketa guztiz uztarturik eta loturik aurkitzen ditugu.

Ez dira ez bi borroka ezberdin, borroka berdinaren atal edo konkrezioak baizik.

Tasio ERKIZIA.